UPV/EHUk Zurezko Egiturak, Eraikuntza eta Diseinua Masterra aurkeztu du
Zurezko eraikuntza sektore gero eta indartsuagoan espezialistak trebatzeko beharrari aurre egiteko sortu da. Euskadik zuraren aldeko apustu garbia egin du, herrialdearen etorkizuneko motor ekonomiko gisa. Baita eraikuntzaren sektorean ere. UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoak, Eusko Jaurlaritzaren eta Baskegur Euskadiko Egurraren Elkartearen babesaz, oinarrizko aurrera pauso bat eman du profil teknikoa duten profesionalak trebatzearen aldeko apustua eginez. Era horretan, espezialisten gero eta eskari handiagoari erantzun ahal izango dio, Zurezko Egitura, Eraikuntza eta Diseinua Masterra sortuz.
Graduondoko berri hori, gaitasun profesionalekoa batez ere, nagusiki arkitektura eta ingeniaritza munduko profesionalei eta zurean interesa edukita arlo honen ezagutzan sakondu nahi duten pertsonei zuzentzen zaie. Masterra bakarra eta erreferentea izango da EAEn, Eusko Jaurlaritzak zura sustatzeko egin duen apustuan kokatuta, eta sektoreko irakasle prestigiotsuenak izango ditu. Konbinatuko ditu teoria, praktika, adituekiko harremanak, teknologia guneetako zein enpresetako bisitak, eta diseinuko zein kalkulurako tresna aurreratuenak. “Segurua da zurezko egiturei buruzko espezialisten eskaria gehiagora joango dela hurrengo urteetan, eta Euskadik prest egon behar du heltzen denerako” adierazi du Oskar Azkarate Baskegurreko zuzendariak, Arkitektura Goi Eskola Teknikoan eginiko aurkezpenean. Baskegur EAEko basogintzako elkarte profesional garrantzitsuena da.
Zura da eraikuntza jasangarriko industria berriko erreferentziazko materiala, eta material hori diseinatzea, kalkulatzea eta eraikitzea ahalbidetzen duten teknikak ezagutzea arkitekturako punta-puntako esparruetako bat da. Eraikuntzaren industria berria, arkitektura estudioak, kalkulu ingeniaritzak, eraikuntza eta aholkularitza enpresak, horietan guztietan behar dira diziplina horietan ongi kualifikatutako eta trebatutako langileak.
Masterrak 60 kreditu izango ditu, eta hamabosna kredituko 4 aditu ikastarotan egituratuko da. “Masterra ikasleetara egokitzeko pentsatuta dago; osorik egin daiteke, edo aditu ikastaroen arabera. Aditukako ikastaroak aldi desberdinetan egin daitezke eta, 4 aditu ikastaroak behin amaituta, master titulua eskuratzen da”, hala adierazi du Josemi Rico Batzorde Akademikoko kideak. Aditu ikastaroak banaka egin ahal izango dira, laurak egitea beharrezkoa izan gabe, eta era horretan aditu titulu hori lortuko da. Gainera, espezialista titulu bat ere eskaintzen da, 30 kreditu dituena. Kalkuluari zuzenean lotutako gai zerrenda biltzen du bereziki, Bertako Zurezko Egituren Kalkulu eta Eraikuntzako Espezialista titulu izenaz. Klaseak gaztelaniaz emango dira, ostiral eta larunbatetan, UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoan eta Carlos Santamaria Zentroan.