ZUREZKO ERAIKUNTZA ERAGINKORRA


Ekainaren 25ean eta 26an, UPV/EHUren udako ikastaroen barruan, zuraren eraikuntza eraginkorrako online ikastaroa egingo da (osasun-egoera kontuan hartuta). Matrikula eskuragarri dago esteka honetan:

https://www.uik.eus/es/curso-online-en-directo-construccion-eficiente-en-madera

Hemen aurkituko duzue programazioari buruzko informazioa, programa emango duten irakasleek, matrikularen prezioa…
Anima zaitez!

 

Zura eta eraikuntza, ongi moldatzen den bikotea


Ikertalde batek metodologia bat garatu du zurezko egituren ingurumen jasangarritasuna neurtzeko. IT 781-13 (UPV/EHU) taldeak hamar urte daramatza eraikuntzarako egiturak eta materialak ikertzen (hormigoia, altzairua eta zura). Azken ikerketaren arabera, zura material oso arina eta erresistentea da, eta gero eta gehiago erabiltzen da eraikuntzan, elementu berriztagarria baita eta energia gutxi kontsumitzen baitu fabrikazio prozesuan. Ikerketa horren arabera, zurezko egituren ingurumen jasangarritasuna ere hobe daiteke, material horri eta haren erabilerari zenbait irizpide aplikatuz gero.

 

UPV/EHUko IT 781-13 ikertaldeko kide Mikel Zubizarretak zurak eraikuntza lanetan dituen abantailak azpimarratu ditu: “Egituretan erabiltzen diren beste material batzuk baino erresistentzia txikiagoa eduki arren, isolatzaile hobea da, hau da, energia eraginkortasun handiagoa du eta dentsitate txikiagoa; hortaz, egituraren pisua txikiagoa da. Bestalde, zura material berriztagarria da (zuhaitzak landatu eta hazi egiten dira eta basoak CO2-aren hustulekuak dira), eta Euskadin asko dugu (azaleraren % 55 inguru basoak dira)”.

 

Halere, zura hormigoia eta altzairua baino askoz ere gutxiago erabiltzen da eraikuntzan. Zubizarretaren arabera, honako arrazoi honi zor zaio: “Jendeak zurezko etxe batean bizitzeko errezeloa du: material organiko bat da, ez da hormigoia edo altzairua bezain gogorra, su har dezake…”. Ikertzailearen arabera, mesfidantza horren arrazoia kulturala da, hein handian: “Gaur egun, tratamendu ezin hobeak daude zuraren jasangarritasuna hobetzeko; suaren aurkako jokamoldeari dagokionez, CTE-M arauak ezartzen du nola diseinatu behar den egitura. Europako iparraldean (Alemania, Eskandinavia…), adibidez, zura asko erabiltzen da etxebizitzak eraikitzeko, klima gurea baino askoz ere gogorragoa izan arren”.

 

Hala eta guztiz ere, IT 781-13 taldeko ikertzaileak uste sendoa du gero eta gehiago erabiliko dela zura etxebizitzak eraikitzeko: “Nire ustez, zuraren erabilera handitu egingo da hainbat arrazoirengatik; besteak beste, Eusko Jaurlaritza haren erabilera sustatzen ari delako, Euskadik baso azalera handia baitu. Hori bai: basoa zaindu egin behar da, behar bezala kudeatu behar da, basoberritu egin behar da… Hartara, enplegua eta aberastasuna sortuko lirateke, eta zurak balio erantsi handiagoa izango luke”. Jasangarritasuna ez da soilik ingurumen kontu bat. Etxebizitza bat zurezkoa izateak “ez du automatikoki beste batzuk baino jasangarriago bihurtzen”, adierazi du Zubizarretak. “Ingurumenaren ikuspuntutik, bai, zura hormigoia eta altzairua baino jasangarriagoa da.

 

Jasangarritasuna, ordea, beste faktore batzuen mende dago (gizarte erantzukizuna eta garapen ekonomikoa, kasurako) eta zuraren kudeaketan den-denak izan behar ditugu kontuan. Etxebizitza bat eraikitzeko zura Australiatik ekartzen bada, adibidez, zur horren garraioak nabarmen handituko ditu CO2 isuriak, eta, bestalde, hemen ez da aberastasunik eta enplegurik sortuko. Horrenbestez, ezin da esan zurez eraikitako etxe hori hormigoi edo altzairuz eraikitakoa baino jasangarriagoa denik”. IT 781-13 taldeak, hain zuzen ere, zurezko egituren ingurumen jasangarritasuna neurtzeko tresna bat garatu du, MIVES ikerketa metodologiaren irizpideen arabera. Metodologia hori erabili da kasu honetan egitura horien Ingurumen Jasangarritasunaren Indize bat sortzeko, hainbat irizpide eta adierazle kontuan hartuta. Adierazle bakoitzak pisu erlatibo bat du; jarraian, balio funtzio bat izendatzen zaio, eta azkenik, 0-1 arteko indize bat eskuratzen da.

 

IT 781-13 taldeak, zurezko egiturak baino lehen, Hormigoizko Egituren Ingurumen Ekarpenen Indizea (2008) eta Altzairuzko Egituren Indizea (2011) ikertu zituen. Informazio osagarria. Ikerketa egin duen taldeak “IT781-13. Sostenibilidad integral en sistemas de edificación y sus materiales” du izena, eta Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko irakasleek eta ikertzaileek osatzen dute. Ikerketan honako hauek parte hartu dute: Jesús Cuadrado, Ingeniaritza Mekanikoko doktorea; Belinda Pelaz, arkitektoa; Ignacio Marcos, Ingeniaritza Mekanikoko doktorea; eta, Mikel Zubizarreta, Industria Antolakuntzako ingeniaria. Ikerketa Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola teknikoan egin zen, Eusko Jaurlaritzako eta UPV/EHUko dirulaguntza eta bultzadarekin. Erreferentzia bibliografikoa: J. Cuadrado, M. Zubizarreta, B. Pelaz, I. Marcos: ‘Methodology to assess the environmental sustainability of timber structures’ in Construction and Building Materials, July 2015, pages 149-158.

Egurtek Sarien erakusketa inauguratu da


Escuela Arquitectura

Datorren uztailaren 13ra arte, Egurtek sarien 30 panelen erakusketa egongo da ikusgai Donostiako Arkitektura Eskolan. Lan sarituak epaimahaiak aukeratu ditu, lehiaketara aurkeztutako 120 lanen artean.

Horien artetik, Eraikuntza, Interiorismoa, Diseinua, Argitalpena eta Basque Quality Bertako Zura kategorietako 5 irabazleak nabarmentzen dira.

Gero, urriaren 18an eta 19an Bilbao Exhibition Centre-n egingo den biltzarrean, aurkeztutako lan guztiak ikusi ahal izango dira, eta, horrez gain, sariak banatzeko ekitaldia urriaren 19an egingo da.

 

Zurezko Egiturak, Eraikuntza eta Diseinu masterraren lehen edizioaren inaugurazioa


Joan den irailaren 7an, UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoaren instalazioetan abian jarri zen Zurezko Egiturak, Eraikuntza eta Diseinua masterraren lehen edizioa. Jardunaldian, antolatzaileek, kolaboratzaileek, 18 ikasle berriek eta Oskar Azkarate Baskegur-eko zuzendariak parte hartu zuten, eta azken horrek eman zuen masterraren inaugurazio saioa.

 

Edizio berriaren aurkezpena, berriz, honako hauek egin zuten: Juanjo Arrizabalaga Arkitekturako GETeko zuzendariak, Maite Crespo eta Josemi Rico Batzorde Akademikoko kideek, eta Daniel Luengas eta Francisco González antolatzaileek.

 

Ikasleen aurkezpenaren ondoren, hitz egiteko eta elkar ezagutzeko aukera izan genuen, lehen saioa egin baino lehen.

 

Eskerrak eman nahi dizkiegu masterra babestu eta bultzatu duten Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politika Sailari eta Baskegur-i, haien laguntza eta inplikaziorik gabe master hau ez litzatekeelako egingo. Eskerrak ere ikasleei, haien presentziaz eta ilusioaz zentzua ematen diotelako prestakuntza proiektu honi.

Masterreko ikasleek Etorki zerrategia bisitatu dute


Joan den ostiralean, irailak 29, Zurezko Egiturak, Eraikuntza eta Diseinua masterreko ikasleek Murgako Etorki zerrategia bisitatu zuten. Han, Euskadiko zerrategi nagusietako baten instalazioak ikusi ahal izan zituzten.

 

Enpresako gerenteak egindako aurkezpen baten ondoren, bertatik bertara ikusi ahal izan zuten zerrategiko prozesu guztia. Basotik iristen diren enborretatik hasita, haiek zerratu eta ohol bihurtzea; gero, babesteko, substantzia fungizidetan sartzea; arrasteletan pilatzea, airean lehortzen has daitezen; lehortegitik pasatzea; eta azkenik, guztia trinkotzea, garraiatu ahal izateko.

 

Etorki paketatzearen sektorean espezializatu da; hala, sekzio txikiko oholak ekoizten ditu, baina mozketa eta lehorketa zehaztasun handikoak. Intsinis pinuaren enborrak, oholak atertzeko erabiltzen direnak, ziurtagiri jasangarria duten bertako basoetatik eskuratzen dira.

Bisita Egoinera


Masterreko ikasleek Egoin enpresaren instalazioak bisitatu zituzten. Zurezko eraikuntzaren arloko enpresa liderretako bat, egoitza Euskadin duena. Olatek-eko instalazioetara joan ziren, non zerrategi propioa baitute. Han, eraldatze prozesu guztia ikusi ahal izan zuten, enborrak menditik iristen direnetik zerratzen diren arte. Gero, askotariko sekzioak dituzten oholak elementu estrukturaletan bilakatzen dira.

 

Babesteko tratamendua eman ondoren, oholak pilatzen eta lehortegira eramaten dituzte, non beharrezkoak diren hezetasun balioetara iristen direla bermatzen baitute. Behin lehortuta daudela, azterketa bisuala egiten duen makina batetik pasatzen dituzte, balizko akatsak hautemateko (korapiloak, zuntzaren desbideraketa…), eta beharrezkoak diren mozketak egiten dituzte, kalitate handieneko zatiekin geratzeko. Aukeratutako oholak batu egiten dira gero “finger” makinari esker, eta horrela luzera handiko oholak lortzen dituzte.

 

Ondoren, ohol horiek kolatze eta prentsatze bidez batzen dira, produktu estrukturalak eskuratzeko, hala nola habe laminatuak eta kontra laminatutako zurezko taulak.

 

Horrez gain, Eako instalazioetan, masterreko ikasleek denbora tarte batez egon ziren enpresako teknikariekin, eta une horretan martxan zituzten proiektuen diseinu eta kalkuluen garapena ikusteko aukera izan zuten.

Bisita Tecnaliako instalazioetara


Joan den abenduaren 14an, masterreko ikasleek Tecnaliako instalazioak eta laborategiak bisitatu zituzten, Azpeitian. Bisita su laborategi berrian hasi zen; han, hangar handi baten barruan, fatxadako hainbat soluzio muntatzen dituzte eskala errealean, eta oinarrian su handi bat piztu ondoren, fatxadaren portaera aztertzen dute, erabilitako produktuak eta materialak, bai eta eraikuntza soluzioak ere, hobetzeari begira.

 

Ondoren, laborategia bisitatu zuten, non termiten, pipien, onddoen eta ezin konta ahala espezieen haztegiak baitituzte. Bertan zirela, zura babesteko produktuek agente xilofagoen aurrean ongi funtzionatzen dutela egiaztatzeko entseguak ikusi zituzten. Amaitzeko, zuraren ingeniaritzaren laborategia bisitatu zuten. Tecnaliak hainbat makina ditu, zur elementu desberdinen portaera estrukturala egiaztatu ahal izateko, hala nola zur zerratuko habeak, eraberritzeko dauden elementuen laginak edo produktu estrukturalak (taulak, elementu laminatuak, etab.).

Egindako egituren gaineko entsegu ez-suntsitzaileak


Igor Gomez masterreko ikasleak entsegu ez-suntsitzaileen saio praktiko batez gozatzeko aukera izan zuen, Josu Benito espezialistaren gidaritzapean. Bertan, onddoek jotako zurezko zutabe baten analisi oso bat egin zuten. Hainbat xilohigrometro erabilita, hezetasun mailak neurtu zituzten zutabearen hainbat zatitan, geroko esku hartzearen irismena zehazte aldera. Horrez gain, zutabearen erresistentzia ahalmena neurtu zuten, erresistografo batez, hura indartu behar zen ala ez jakiteko.

 

Zur – Hormigoi kolaboranteen forjatuak


Joan den urtarrilaren 11n, ostirala, Josu Benitok zur-hormigoi kolaboranteen forjatuari buruzko eskola bat eman zien Zur masterreko ikasleei. Haren eraikuntza aplikazioei buruzko saio teoriko bat eta kalkulu adibide bat ikusi ondoren, ikasleek merkatuan diren hainbat konektore mota ezagutzeko aukera izan zuten.

 

Zur-hormigoi kolaboranteen forjatuak aplika daitezke bai obra berri batean bai eraberritze lan batean, eta soluzio hori gero eta gehiago erabiltzen da, prestazio handiak eskaintzen dituelako gogortasunari eta akustikari dagokienez.

Bioekonomiaren aldeko erronka Euskadin – BASKEGUR


Zurezko eraikuntza egituren eta diseinuaren masterrak lankidetzan dihardu Basotec ekimenarekin, eta etxebizitza tipologien, hornidura publikoen eta horien eraikuntzan zurezko aurrefabrikatuak aplikatzeko aukeren analisi kritikoak egiten dituzte.